sábado, 13 de octubre de 2012


IPARRAGIRREREN BERTSOAK ANTZUOLAKO HERRIARI

Ospetsuak dira Antzuolako alardeari, eta bereziki banderari, Iparragirrek egindako bertsoak. Badirudi une hartako Antzuolako alkateak eskatuta idatzi zituela, izan ere Iparragirrek hainbat enkargu ere onartzen zituen erromeria eta udako ferietatik.

Bertsioak bertsio, Antzuolako batzarrari zuzendutako bertso hauek Arturo kanpioni bidali zizkion Iparragirrek Eskoriatzatik 1878ko abuztuaren 11n. Eta bostak eman zituen Kanpionek “Revista Euskara” (I alea, 203-205 orrietan) delakoan, 1878an. Antzinako grafia errespetatuta, horrelakoak dira bertso haiek:

 
MAIRUEN BANDERA

(I)
Nafarrac Don Garcia
Erregue zutela
Odolez estali zan
Ichuski Junquera!
Africanoac orruz
Legoiak becela…
Cioten cristau bicirik
Utzico ez zutela

(II)
Baña Euscaldunac
Laurac bat aurrera…
Cioten fedeagati
Danoc illgo guera.
Jo!... jo!... eta ez eman
Pauso bat atzera
Gureganatu arte
Moroen bandera.

(III)
Mutillac! ara nun dan
Illargui erdia;
Arrapatu dezagun
Naiz galdu bicia.
Ara hemen banderá…
¡Viva Euscal-Erria!
Eta Antzuolarentzat
Onra eta gloria.

(IV)
Erran adiskideac
Orduan becela:
Nafarrakin gaur ere
Anayac guerala:
Bat da gure izarra…
Bat gure bandera…
Itz santu bat bacarra,
Euscaldunac guera.   

Bertso hauei atxikita, badoa beste seigarren bat, ez daukana aurrekoekin loturarik, baina garrantzitsua dena adierazteko garai hartan kantari honek bizi zuen egoera animikoa edo emozionala zein zen Izan ere, Argentinan zegoela euskal foruak kendu zituzten 1876an, eta horren etsipenarekin-edo desiatzen zegoen Euskal Herrira bueltatzeko. Anjelak ere, bere emazteak, zera esaten zuen une hartako egoerari buruz:

“Como loco se volvió. Se pasaba los días llorando de rabia y tenía un humor de todos los demontres”

Horrela, hainbat jenderen laguntzarekin, 1877an bueltatu zen Jose Mari Iparragirre Euskal Herrira. Baina hasieran batak eta besteak egindako ongietorriak eta omenaldiak ez zituen  Iparragirre asetu, eta hori da bere ama zeneko Txapartegi baserritik, Gabiriatik alegia, adierazi nahi diguna bertso honetan:
(V)                                         
Escribicez mesede eguiten banazu
Gaviriara carta, bial bear dezu.
An baserri batean, beti triste nazu,
Buruan dituala milla pensamentu.

Iparragirrek  idatzitako bertsoak ugariak izan baziren ere, foruak eta Euskal Herrira dira batez ere gehienetan antzeman daitezkeen sentimenduak; eta baita Antzuolarako idatzikoetan ere. Foru zaletasun hori adierazteko adibidez, nork ez ditu bertso hauek ezagutzen:

“Fueristak gera, eta izango
Mundua mundu den artean,
Sentimentu hau bizirik dago
Betiko Euskalerrian”.

Idazkera aldetik bertsio ezberdinak dauden bezala, edukieran aldetik ere aldaketa batzuk somatzen dira bertsio batetik bestera.

Bigarren bertsio bat, bada, Antzuolako Udalak ustez Iparragirrek emandako bertsoak aintzat hartuta, Bergarako moldiztegian edo inprentan kaleratutako kopia bat da. 1905ean kaleratu zen dokumentu hau eta horrela dio:




(I)
Nafarrac Don Garcia
Erregue zutela
Odolez estali zan
Ichuski Junquera!
Africanoac orruz
Legoiak becela…
Cioten cristau bicirik
Utzico ez zutela

(II)
Baña Euscaldunac
Laurac bat aurrera…
Cioten fedeagati
Danoc illgo guera.
Jo!... jo!... eta ez eman
Pauso bat atzera
Gureganatu arte
Moroen bandera.

(III)
Mutillac! ara nun dan
Illargui erdia;
Arrapatu dezagun
Naiz galdu bicia.
Ara hemen banderá…
¡Viva Euscal-Erria!
Eta Antzuolarentzat
Onra eta gloria.                  Iparragirreren hilobia Urretxun

 
Iparraguirre jaunac ditu berso onec gure banderari atariac, orain ogueita sei urte

Anzuolan 20 Abostoan 1905

Bertsio biak konparatzen badira, nabaria da Antzuolan 1905ean kaleratzen diren bertsoetan “esku sartze” bat egon zela, eta norbaitek une hartarako egokiagoagoa zen beste bertsio bat kaleratu zuela. Agian aldaketa nabarmena “Laurac bat” delako leloaren desagerpena izan daiteke. Baina, badago, dena den, hutsune nabarmenagoa, laugarren bertsoa ez dela Antzuolako Udalak kaleratutako bertsioan azaltzen:

(IV)
Erran adiskideac
Orduan becela:
Nafarrakin gaur ere
Anayac guerala:
Bat da gure izarra…
Bat gure bandera…
Itz santu bat bacarra,
Euscaldunac guera.

Hemen ere, bada, “Laurac bat”, “Nafarroa”, “Anayac guerala”,… eta euskaldunon batasunarekin loturiko beste ideia batzuk nahita edo nahi gabe ezkutatu ziren.

Aipatu dugu Iparragirreren saminaren eragilerik nagusiena euskal foruak desagertu zirenean eman zela. Hori izan zela Euskal Herrira bueltatzeko arrazoi nagusia. Baina ez ze bakarra izan. “Ley Paccionada” (1841) geroztik Nafarroak bere status politiko berezia galduz, foruek emandako alegia, Espainiako beste probintzien maila hartzen du. Aldi berean antzematen du galtze horrek euskal probintzien arteko anaitasuna apurtu egiten duela. Hori dela eta, 1878ko ekainaren 28an, “Nafarroako Alkarkidari” izeneko bertsoak idatzi zituen, eta, nola ez, Nafarroarekin euskaldunok izan beharreko loturak aldarrikatzen zituen. Bertso bat badago gainera, Antzuolan abesten denarekin lotura handiak dituenak:

“NAFARROAKO ALKARKIDARI”

Zorioneko batasunean
Nafarrak, gure anayac,
Bizi dirade lege onean
Gaur guztiz gizon ernayac,
Guregatik on, errango badu
Etorkizunak kondairak,
Laurak bat beti!... maite alcartu
Izan Euskaldun leyalak”.

Hemen ere “Laurak bat”, “Nafarrak gure anayac”,… ideiak errepikatzen dira, eta sentimendu honek, nola ez, “Mairuaren Bandera”n adierazten dira.

Iparragirrek idatzitako bertsoak alardean abesten dira, kapitainak diskurtsoa botatzen duen etenalditxo batean. Esan beharra dago, hala ere, bertso hauek ez direla betidanik abestu, baizik eta 1976an hasi zirela abesten, une hartan parrokiako koruko abesbatzarekin eta Simon Artolazabal organistaren zuzendaritzapean.

Dena dela, badugu beste egokitzapen bat (edo beste bertsio bat, nahi bada esan) eta da orain alardean abesten diren bertsoak. Hemen, berriz, Iparragirrerena ez den beste bertso berri bat txertatzen zaigulako:

(IV)
San Juan Uzarragako
seme txit argiak
ziran Balde-junqueran
irabazliak:
batzar etxean dauden
illargi erdiak
dira Antzuolarentzat
txit onragarriak

Bertso berri honen egilea ez dakigu arren, 1976an alardean dagoeneko abesten da. Egileak egile, hauek dira urtero herriko abesbatzak abesten dituen bertsoak:

(I)
Nafarrak On Garcia
errege zutela,
odolez estali zan
bai Balde-junkera:
afrikanoak, orruz
legoiak bezala,
zioten kristau bizirik
utzi bear ez zela.

(II)
Baiña euskaldunak,
Laurak bat aurrera!
zioten: fedeagatik
danok hilgo gara
jo!... jo eta ez eman
pauso bat atzera…
gurea izan arte
mairuen bandera.

(III)
Mutillak, ara non dan
illargi erdia;
arrapatu dezagun
naiz galdu bizia;
emen degu bandera,
upa Euskal-erria!
eta Anzuolarentzat
onra eta gloria.

(IV)
San Juan Uzarragako
seme txit argiak
ziran Balde-junqueran
irabazliak:
batzar etxean dauden
illargi erdiak
dira Antzuolarentzat
txit onragarriak

(V)
Esan, adiskideak,
orduan bezala,
Nafarroakin gaur ere
anaiak gerala;
bat da gure izarra,
bat gure bandera:
esan beti Laurak-bat
izan nahi dugula.


Jatorriz, bertso hauek ez dute inongo doinurik edo musikarik; bertso soilak besterik ez dira. 1978an, ordea, armoniaren bat jartzea erabaki zen bertso hauek alardean abesteko. Armonia,  Miguel Gonzalez Bastidak Musika bandako zuzendaria zenak jarri zion, eta hori egiteko Iparragirrenak diren beste bertso batzuek “Gora Euskara” zeramaten musikaz baliatu zen.
Iturria
Iñigo Ramirez de Okariz (2005). Antzuolako Alardea eta Mairuaren JAialdia. (Kaleratu gabeko lana).