viernes, 24 de enero de 2014

ALARDEAREN BEREZITASUN NAGUSIAK BI HITZETAN


Alardearen zaharberritze prozesuak eta ondoren sortutako lan taldeak hainbat hausnarketa bide jorratzea ekarri zuen. Hausnarketa horren ondorioetako batzuk dira hauek:
1. Ospakizun tradizionala eta propioa da, Antzuolan bakarrik egiten dena, belaunadiz-belaunaldi transmititu dena.
2. Herri nortasuna adierazteko erritoa da.
3. Herri identitatearen ezaugarri bat.
4. Herritarren partaidetzaren bitartez plazaratzen dena.
5. Gipuzkoako Kultura Ondareari egiten dion ekarpen aberatsa ezaugarri duena.
6. Ospakizun singularra da eta ezaugarri propioak dituenez, beste Alardeetatik bereizten da:
6.1. Ospakizun zibila da, euskal tradizioan hain ohikoak diren elementu erlijiosorik gabekoa, honek propiotasun bat eransten dio, gaur egungo gizarte laikoarekin bat eginez.

6.2. Mairuaren pertsonaia agertzen den beste jaiekin alderatuz, honetan ez dago bereganako ezarpen erlijiosorik. 

Mairua, lehen

7. Alardearen jaiaren baitan osagarri asko integratzen dira:  herrian zehar egiten den desfilea eta Plazako ekitaldia, kultur adierazpen ugari erakutsiz:  musika (umeen eta helduen abesbatza, txistulariak, mairuaren musika taldea, dultzaineroak metal boskotea...), diskurtsoa, kanoi eta fusilen deskargak, dantzak...
8. Garaian garaira egokitzeko ahalmena.
Mairuaren Alardea XIX. mendearen amaieratik hona ospatzen da.  Denbora horretan, hainbat aldaketa izan ditu, eta garaian garaiko aldaketetara egokitzen jakin izan du: esaterako, mairuari durbantea kentzeko eta zapaltzeko agindua kendu zen; aurrez diskurtsoa gazteleraz bazen ere, 1980an euskaratu egin zen; arropa eta jantziak ere aldatu dira; emakumeak sartu dira... hala ere, aldaketarik handienak eta nabarmenenak 2009koak izan dira. Beraz, beti izan dira aldaketak garai bakoitzean egokitzat jotzen ziren balioetara egokitzeko.
 Mairua, orain
9. Herri baten kultura adierazpenak inoiz ez dira estatikoak eta aldaezinak izaten, garaian garaiko herritarren izaera eta borondatearekin batera joaten dira eboluzionatzen, berrizten eta aberasten, eta horregatik lortzen du herri batek bere kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzea (gazteenei, batez ere) eta mendez mende iraunaraztea.
10. Ospakizun osoa euskaraz egiten da.
Batetik, antzezpena bera: buruzagiaren diskurtsoa, Mairuaren hitzak (euskara-arabieraz), abesten diren letrak, kapitainak gudariei ematen dizkien aginduak. Alardearen antzezpenean egin den beste aldaketa edo egokitzapenetako bat, bertako euskalkia erabiltzearena izan da. Hala, azken urteotan, Antzuolako konpiniako buruzagiak bere diskurtsoan Antzuolako hizkera erabiltzen du. Bestetik, herritarrei, bisitariei zein kazetariei  helarazitako testu idatziak eta, oro har, alardearen inguruko ohar eta komunikazio guztiak euskaraz dira.

domingo, 12 de enero de 2014

ALARDEAREN BALIOAK

Gaur egun gizon eta emakumeek konpartitzen ditugun balioei erantzuteko gaitasunagatik bereizten da. Alardearen eszenifikazioan gauzatzen diren adierazpenetan argi eta garbi islatzen dira ondorengo balioak:
  • Genero parekotasuna. 
  • Parte hartzea eta herritarren inplikazioa.
  • Kulturartekotasuna. 
  • Gatazken trataera
1. Genero parekotasuna.  Berdintasunaren tratamendua alardean eta elkartean

Alardearen biziberritze prozesuan  eta plazan egiten den antzezpen publikoan erabili den irizpide garbi eta nabarmen bat genero-ikuspegiaren tratamendua izan da.

Hala, emakumeek Mairuaren Alardean era anitzean parte hartzen dute, bai ospakizunaren antolaketan, zein azpiegitura lanetan edo antzezlanetan.
 DANTZARI NESKEN ZORTZIKOA

Emakumeak ere animatu dira  gizonezkoek bete ohi izan dituzten eginkizun edo rolak  ere bereganatzen ditzaten (modu naturalean, inongo inposaketarik gabe)  eta jaian libreki parte har dezaten, bakoitzak jaiarekiko duen atxikimenduaren arabera.  Hala, gaur egun emakumeak ikus ditzakegu alardeko talde desberdinetan: kanoi-eramale, dantzari, txistulari, danborjole, mairuaren sekitoko musikari, Antzuolako konpainiaren buruzagiaren guardian, eskopetari… Emakumeek alardean parte hartzen dute, beren nahiaren arabera, inongo oztopo barik.  

Antzuolako beste ondare kultural bat plazaratzen da alardean zehar: trokeo dantzak. Lau dantzak osatzen dute eta lau dantza horiek batera bakarrik alardean dantzatzen dira eta mutilek dantzatzen dituzte.
 
Trokeo dantzak mutilek dantzatzen dituztenez, egokia eta komenigarritzat jo zen dantzari nesken presentzia alardean eta, helburu horrekin,  Oinarin dantza taldeak Alarderako koreografia edo zortziko berri bat sortu eta osatu du neskek ere alardean dantzatzeko.

 
 TROKEO DANTZA ALARDE EGUNEAN


Buruzagiak plazan esaten duen diskurtsoan aldaketak egon dira, eta aurretik erabiltzen zen gehiegizko genero maskulinoa neutralizatu egin da. Tradizionalalki maskulinitateari atxikitutako balio oldarkor eta beligeranteak  diskurtsotik ezabatu edo leundu egin dira.

Hauexek dira azken alardean ateratako emakumezko eta gizonezkoen kopuruak:

ZERTAN

KOPURUA
Neskak
Mutilak

Antolaketan, laguntzen
22
12
10



Sekito, gastadore, kanon
18
4
14



Fusilero

25
6
19



Danborrero

23
19
4



Mairuaren musiko
15
9
6



Txistulariak

19
12
7



Bergarako metalak
4





Abesbatza

21
14
7



Ume abesbatza
11
10
1



Dantzariak
25
11
14











GUZTIRA

183
92
85














Mairuaren Alardearen Alardeko Elkartearen estatutuetan eta Elkarte eta Udalaren artean sinatutako hitzarmenean jasotzen da genero eta beste edozein diskriminazioren kontra dugun konpromezua.Horrela, Estatutuen 1. artikuluan  eta  Elkartearen araubideak aipatzerakoan, Berdintasun Legea  aipatzen da. 

Hitzarmenean, betebeharren atalean 10.puntuan zera jasotzen da: “Herritarren parte hartzea bermatzea inongo diskriminazio barik: genero, jatorri, erlijio edo sinismen dela eta.”

Gaur egun, elkarteak buru-belarri zazpi lagunek dihardute lanean. Zazpi horietatik lau gizonezkoak dira eta hiru  emakumezkoak. 

2. Herritarren eta kultur eragileen inplikazioa, partaidetza maila eta gizarte proiekzioa


Berrehun herrritar inguruk (herritarren % 10) hartzen dute parte alardean, adin guztietako gizon emakumeek elkarrekin egoteko eta ekiteko kultura sustatuz. 

Bere osotasunean herritar bolondresen parte hartzearekin gauzatzen da urtero, ez dago partaide profesionalik.Herriko kultur talde guztiek hartzen dute parte: Mairuaren Alardearen Kultur Elkartea, helduen abesbatza, musika eskolako haurren abesbatza, txistulari eta dantzariek.

Horiez gain, herritar ugarik hartzen dute parte era guztietako lanetan: azpiegitura montatzen, luntxa prestatzen eta zerbitzen, makillatzen, erropa eta jantziak egin eta horiek banatzen, mantentzen, etabar.

Aipagarria, nabarmentzekoa baita ikusle bezala parte hartzen duten guztiak ere, hau da, alardea ikustera joaten direnak, herritarrak, zein kanpotarrak; Antzuolako Herriko Plaza bete-bete eginda egoten baita.
Mairuaren alardea Antzuolan gauzatzen eta eszenifikatzen den ekitaldia izan arren, bere proiekzioa, gure herritik haratago doa. Bertaratzen diren ikusle asko eta asko gure herriko mugetatik kanpokoak dira.Bere proiekzioa ere gure udal eremua gainditu eta lurralde proiekzio izatera iristen da. Ikusi besterik ez dago hedabideetan izaten duen presentzia. Gipuzkoa mailako prentsan portada edo azaleko argazkiak izaten ditu alardeak biharamun egunean. ETBn ere zuzeneko emisioak ez badira, erreportaiak eskaintzen dituzte  eguneko programazioan.

3. Kulturartekotasuna

Bi kultura islatzen dira alardean: arabiarra eta euskalduna. 2009 arte gailentzen zena Antzuolako konpainia bazen ere, bi kulturak parekatu nahi izan dira eta arabiarra ere dagokion errespetuarekin tratatu. Hala, ordura arte mairua bakarrik eta txilabaz jantzita asto gainean irtetzen bazen ere, gero errege bihurtu zen eta sekitoa jarri zitzaion. Baita musika taldea ere. Orain bere martxa du, bere hizkuntzan hitz egiten du eta beste hainbat aldaketaren ondorioz duindu egin da bai bere figura, bai berak adierazten duena.
Gaur egun oreka dago bi konpainien artean eta biek islatzen dutenaren artean.

4. Gatazken trataera

Beste ezaugarri garrantzitsua alardean azaltzen den hizkuntzaren aldaketa da. Kutsu beligerantea kendu egin zaio. Buruzagi bien artean irudiktatzen den adiskidetasun zantzuak eta bukaerako bostekoak bi munduan arteko onarpena eta errespetua sinbolizatzen dute.