miércoles, 26 de septiembre de 2012



ANTZUOLAKO MAIRUAREN ALARDEAREN BER EGOKITZAPEN PROZESUA

Komeni da, hala ere, azpimarratzea, zein izan den Mairuaren Alardea berregokitzeko prozesua.


Antzuolako Alardea, XX. mendearen hasieran


1-SARRERA

Mairuaren Alardea, Antzuolako ospakizun tradizionala da, eta bertan bi ekintza goraipatzen dira. Alde batetik, Baldejunkerako borrokaldiko pasadizo bat. Bertan, eta tradizioak dioenez, 920. urtean Nafarroako Muezen arabiarren aurkako borrokan antzuolarrak Nafarroako erregearen laguntzara joan eta Abderraman IIIa kalifa preso hartu izana goraipatzen da.

Danborjoleak


Honekin batera, bestetik, eta Foru aginduari jarraituz, udal miliziek urtero alarde armak aztertzeko egiten zuten erakusketa ere ekartzen da gogora. Antzuolarren kasuan, gainera, Bergaran egiten zituzten alardeak 1539an Valladolideko Auzitegi Gorenak Antzuolan egiteko baimena eman arte.

Ospakizun honek urtetan zehar hainbat moldaketa izan duen arren, herri honen ondare bezala kontserbatu da belaunaldiz belaunaldi. Mairuaren Alardearen Kultur Elkartea, ere, ospakizun hau bultzatzeko sortu zen 2005ean.

Azken urteotan herritarren partaidetza jaisten ari zela eta 2006an Antzuolako Udalak eta Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteak Eusko Ikaskuntzari ospakizun honi buruzko ikerketa enkargatu zion benetako egoera ezagutzeko eta, bide batez, proposamen berriekin ospakizuna indartzeko asmoz.


Ikerketa honen ondorioz, antzuolarrok Alardeari buruz zer pentsatzen genuen, nola ulertzen genuen eta zer-nolako identifikazio maila genuen jakin ahal izan zen 2007an. Argi geratu zen Alardearen biziraupena ziurtatu nahi izatekotan, aldaketa batzuk egitea ezinbestekoa zela.

 Herriko armarria

2008-2009an udaleko Kultura batzordeak behar ziren aldaketak gauzatzeko talde ireki bat sortzea proposatu zion Mairuaren Alardearen Kultur Elkarteari eta hala adostuta urte osoan udal ordezkari, Elkartekide eta herritar multzo bat lanean aritu dira Alardea eraberritu nahian

2- ERABERRITU BEHARRA

Eusko Ikaskuntzak egindako ikerketaren arabera, alde batetik, ikuspegi eta bizipen positiboak zituzten herritarrak Mairuaren Alardearekiko: mantendu beharreko tradizioa zen, herri bezala bereizten gintuena, harro egoeko moduko ospakizuna.

Baina, aldi berean, ospakizunarekiko lotura epeldu egin zela azpimarratzen zen, herritarrek ez baitzuten gogo handirik bertan parte hartzeko… Beraz, etorkizunean, zer gertatu daiteke Alardearekin? Nola erakarri antzuolarrak Alardera? Nola bizi iraun? Hauek ziren indar handiz burutan bueltaka zebiltzaten galderak


Mairuaren irudi berria


Hala ere, beste batzuen iritziz Mairuaren Alardea ospakizun militarra zen, mairua eta berak sinbolizatzen zuen kultura gutxiagotu egiten zen, ez zen koherentea gaur egun konpartitzen ditugun balio sozialekin: kulturen arteko errespetua eta harremana, pakearen aldeko kultura, genero aniztasuna, etb. Hauek, etzuten ospakizun propio bezala hartzen Alardea, urrun zeuden eta harrotasuna baino lotsa zen sentitzen zutena.

Ondorioz, batzuk, Alardea bizirik irauteko partaidetza bultzatu nahi zutelako, eta beste batzuk etzirelako zegoenarekin batere identifikatzen, eraberritzearen aldeko apustua egin zuten. Hau da: arrazoi eta motibazio ezberdinak medio ALARDEA EGOKITZEKO BORONDATEA izan zen sentsibilitate ezberdinetako antzuolar multzo bat mahai baten inguruan bildu gintuena: udal ordezkariak, Mairuaren Alardearen Kultur Elkartea eta beste herritar askorenak.

3- MOLDAKETAREN NONDIK-NORAKOAK

Eusko Ikaskuntzaren aholkuak hartu ziren abiapuntu bezala, baina lan-lerroak zirenez taldeko partaideen iritzi eta proposamenez joan ziren Alardearen edukiak gauzatzen eta helburuak betetzen:
Mairuaren irudia duindu, orain arte soldaduen buruzagiarekiko azaltzen zuen menpekotasuna gaindituz eta protagonismo handiagoa emanez
Gaur egungo antzuolarrok konpartitzen ditugun hainbat balio integratu: diskurtsoa leundu testuko hainbat hitz eta aipamen moldatuz, esaldi berriak gehituz, genero bietara egokituz, hizkuntz eta kultura aniztasuna islatuz.
Diskurtsoa Historiarekin hobeto lotu
Eszenografia indartu, antzezpenaren koreografia zainduz, eta aberasteko hainbat elementu gehituz

4- ZEHAZTASUNAK

Zehazki hauek dira aurtengo (2009) Mairuaren Alardean egin diren moldaketa zehatz batzuk:

  • Mairua, Abderraman IIIa bezala azalduko da karakterizatuta, sinbolizatzen duen pertsonaia historikoa horixe delako
  • Musika eta dantza gehiago sartuko dira, eta baita hasiera-ordua ere:
  1. Segurako alborada, troparen errebista egiteko.
  2. Oinarinen dantza batzuk antzezpenean integratuko dira.
  3. Alfredo G. Chirlaquek egindako konposizioa, Alardearen betiko melodietan oinarrituta.
  4. Diskurtsoa Antzuolako hizkeran esango da.
  5. Jantzi batzutan aldaketak ikusiko dira.
  6. Desfileak irauten duen bitartean herriko plazan dokumental bat eskeiniko da.
  7. Hasiera 19:00etan izango da.

5- EGOKITU, IRABAZTEKO

Orain arte Mairuaren Alardeak izan duen sakoneko izaera, urtez-urte Antzuolako plazan bere sinbologia guztiarekin islatu izan dena, mantendu egiten da: herri nortasun eta autoafirmazioaren sinbolo eta gure identitate kolektiboaren ezaugarri bat jarraitzen du izaten. Antzuolako ospakizun propioa, belaunaldiz-belaunaldi transmititu den ondarea eta herritarren partaidetzari esker urtez-urte burutzen dena.

Bere izaera galdu barik, aberastu den ospakizuna da aurten aurkeztuko dena.

Ikuskizun moduan erakarriagoa. Antzuolarron sensibilitate ezberdinak kontutan hartu dituena. Adostasunean burutu dena. Eta, dudarik gabe, antzuolarrok gehiago konpartituko duguna.



Alardea zaharberrituta


Horregatik, esan dezakegu Mairuaren Alardea gaurkotzea baino askoz gehiago lortu duela Antzuolak saiakera honekin: bere herri dinamismoaz eta elkarlanaz baliatuz, garrantzizko helburu baten ados jartzen dakigula demostratu dugu, konpartitzen ditugun balioekin gure herri-izaera sendotzeko gai garela., gure ondarea gorde eta indarberrituta transmititzeko gauza garela. Hitz batez, gure etorkizunaren protagonista arduratsuak garela.

Herri baten kultura adierazpenak inoiz ez dira estatikoak eta aldaezinak izaten, garaian garaiko herritarren izaera eta borondatearekin batera joaten dira eboluzionatzen, berrizten eta aberasten, eta horregatik lortzen du herri batek bere kultura belaunaldiz-belaunaldi transmititzea eta mendez-mende iraunaraztea.

Antzuolako Mairuaren Alardearekin gauza bera gertatzen da. Hau ez da moldaketaren bat izan duen lehen aldia, aurretik ere izan dira aldaketak: diskurtsoa euskaratu eta aldatu egin da; mairuari durbantea zapaldu eragitetik ez zapaltzera pasatu da; jantziak aldatu dira; musika tresnak gehitu edo aldatu egin dira; Iparragirreren bertsoak sartu dira; ibilbidea eta eguna aldatu dira; ikus-entzunezkoak erabili dira… Oraingoak, ere, ez dira azkenak izango. Hurrengo urteetan herri honek jarraituko du elkarlanean Mairuaren Alardea aztertzen, osatzen, hobetzen, erakargarriagoa bihurtzen, bere sakoneko esanahia geroz eta gehiago konpartituz antzuolarren identitatearen ikur garrantzizkoa izaten jarrai dezan.

6- HERRITARREN PARTE HARTZEA SUSTATU

Egin dugun hausnarketa eta moldaketa hau garrantzizkoa izanik, Antzuolako eta Euskal Herriko ondare kultural honen etorkizuna herritarren eskutan dago, beren konpromisoan, hain zuzen. Dakizuenez, ospakizun honek jende askoren lana behar izaten du, beraz animatu nahi dugu herritarra Antzuolako Mairuaren Alardean parte hartzera.



Dantzariak eta "Trokeo dantza"


MAIRUAREN ALARDEA ERABERRITZEKO TALDEA
 2009ko Uztaila







No hay comentarios:

Publicar un comentario